Prentsa aretoa

Actuales | Buscar | RSS

Ikerlan-IK4k mikro eta nanoteknologietan espezializatutako laborategi berria inauguratu du

  • Fecha: 16-11-2009

Argazkia Gela ZuriaIkerlan-IK4k mikro eta nanoteknologietan oinarritutako laborategi berri bat inauguratu du gaur Arrasateko Garaia Gunean, enpresari balio berriko transferentzia egitea sustatuko duten teknologia berritzaileen aldeko apustua indartzeko. Ikerlan-IK4 CIC microGUNEko kideen artean dago, eta eraikin horretan bertan instalatu du bere egoitza nagusia.

Inaugurazio ekitaldian partaide izan dira Gipuzkoako diputatu nagusi Markel Olano; Zientzia eta Berrikuntza Ministerioko Ikerketako estatu idazkari Carlos Martinez; eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburua den Bernabe Unda; MONDRAGOn Korporazioko lehendakari Jose M- Aldecoa; CIC microGUNEko lehendakari Manuel Fuentes; Ikerlan-IK4ko lehendakaria den Txomin Garcia, eta Ikerlan-IK4ko zuzendari nagusia den Javier Mendigutxia.

Instalazioak egiteko aurrekontua 6,27 milioi euro izan da, eta laborategi berrian Ikerlan-IK4k mikroteknologiari buruzko ikerketa aurreratuko proiektuak garatuko ditu, eta produktu berritzaileen garapena bultzatuko du, teknologia horren bitartez balioa eransteko. Eraikinak berak eta bertan egingo den ikerketa jarduerak Zientzia eta Berrikuntza Ministerioaren, MONDRAGON Korporazioaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza dute.

Jarduera Euskadiko sektore helduetako produktuetara bideratuko da (automobilgintza, etxetresna elektrikoak eta makina-erreminta), baita azaleratzen ari diren sektoreetara ere, horien artean energia, elikaduraren segurtasuna eta ingurumena.

Laborategiak 2.754 m2-ko azalera du, eta elementu nagusia 300 m2-ko gela zuria da. Bertan, azken belaunaldiko ekipamendu zientifikoa egongo da, mikroteknologien arloan ikerketa zientifiko-teknologikoa egiteko, zehazki mikrofluidikaren, elektronika organikoaren eta mikro-nanosistemen integrazioaren eragin eremuetan.

Gela zuriarekin batera, laborategi berrian mikroteknologietan oinarritutako sistemak sortzeko behar diren azpiegiturak ere egongo dira, baita etorkizunean spin-offak hartzeko espazio bat ere.


Ikerlarien taldea gaur egun 22 pertsonak osatzen dute, eta 2009-2011 aldian nabarmen haztea espero da, bere jarduerak hartzen dituen eremuetan erreferentzia bihurtzeko behar den masa kritikora iritsi arte; hazkunde hori Ikerlan-IK4ren eta CIC microgurenren proiekzio estrategikoaren barruan garatuko da. Proiektuaren arduradunen helburua da ikertzaile talde indartsu bat eratzea, mikro/nanoteknologietan espezializatua, munduko puntako ikerketa taldeekin lankidetza bizian arituko dena.

Ikerlan-IK4k ahalegin berezia egin nahi du mikroteknologiak osasunaren eta energiaren sektoreetan aplikatzeari buruz, izan ere, arlo horietan etorkizunean aurrerapen handiak ekarriko dituen mugimendu gero eta nabarmenago dago, eta Zentro Teknologikoak kokapen berezia dauka maila horretan, 1997az geroztik garatzen ari den ikerketei esker.

Ikerlan-IK4k osasunaren arloan garatuko duen jarduera behin erabiltzeko kostu txikiko gailuak diseinatzera zuzenduko da, gaixotasunak azkar diagnostikatu ahal izateko, eta medikamentuak dosifikatzeko gailuak eta mikroinplante biobateragarriak ere sortuko ditu, beste aplikazio batzuen artean. Jarduera horiek CIC microGUNEko gainerako ikerketa taldeekin elkar harturik egingo dira.

Energiaren arloan, laborategiak hainbat ildotan lan egingo du, horien artean belaunaldi berriko gailuen diseinuan, eguzki panel merkeagoak eta malguagoak egin ahal izateko, energia elektrikoa eskala txikian sortu ahal izateko.

Laborategi berriaren kokapena ez da ausaz aukeratu, izan ere, Ikerlan-IK4k beste eragile ikertzaile batzuekin duen lankidetza estrategiaren barruan dago eta, horrenbestez, Garaia Berrikuntza Gunean duen lekua Mondragon Unibertsitatearekin eta hainbat enpresatako I+G unitateekin partekatuko du.

Ikerlan-IK4k esperientzia handia du mikro-nanoteknologien arloan, eta Europako sare eta batzorde espezializatu askotan duen presentziak berresten du hori. Nabarmentzekoa da Europako Batasuneko erakunde ikertzaile ospetsuekin duen lankidetza, eta Europako bost proiektutan duen partaidetza, horietako bitan liderra izanik.

http://www.ikerlan.com/


© MONDRAGON S. COOP. | Humanity at work | Legezko Oharra | Web mapa