|
|
Danobat Railway Systemsek Lucchini enpresa italiarraren eskaera bat lortu du tren ardatzak automatikoki fabrikatzeko
Danobat Railway Systems enpresa (D.R.S.) Danobat Groupeko kidea da, MONDRAGON Korporazioan integratuta dago, eta orain dela gutxi eskaera bat lortu du Italiako Lucchini enpresaren eskutik, 7,5 milioi eurokoa baino gehiagokoa; enpresa italiarra liderra da tren errodajerako altzairuaren eta zenbait osagairen ekoizpenean.
Kontratuaren barruan sartzen da lerro guztiz automatizatua eta malgua diseinatzea eta egitea, tren ardatzak fabrikatzeko eta, martxan jartzen denean, Europako aurreratuena izango da.
Lerroa osatzen duten elementuak hauek dira: piezak mekanizatzeko sei makina, ardatzen barne eta kanpo neurketa egiteko bi makina eta ikuskapenerako ekipamendu bat, ultrasoinuen bidezkoa. Horrez gain, pertsonek esku hartu gabe piezak manipulatzeko sistema bat dauka, baita ordenagailu nagusi bat ere, lerroaren eragiketa guztiak kontrolatzen dituena.
Lerroa osatzen duten ekipamendu gehienak Danobat Taldeak fabrikatuko ditu, baina Alemania, Italia eta Txekiako zenbait fabrikatzailek hornitutako ekipamenduak ere sartuko dira: Danobat Railway Systemsek hartuko du bere gain talde guztiak integratzeko eta amaieran lerro osoa martxan jartzeko ardura.
Azken urteotan, Danobat Railway Systems trenaren arloan espezializatzeko estrategia bat garatzen aritu da, eta bere produktuak sektore horren beharretara egokitu ditu. Une honetan lehen mailako bezeroen etxean diharduten erreferentziak dauzka, horien artean Renfe, C.A.F., Alstom, Siemens, Bombardier, Indian Railways, T.V.S.Z. Jinxi, Zhibo, etab.
Espezializatzeko estrategia horrekin bat eginik, Danobat Railway Systems presente egongo da Innotrans 2010 azokan, Berlinen, irailaren 21etik 24ra. Ekitaldi horretan 220 enpresak baino gehiagok parte hartzen dute, eta munduko tren industriaren erakustaldirik handiena da.
Danobat Taldea
Danobat Taldea enpresa liderra da Espainian makina-erremintaren fabrikazioan, eta munduko rankinean 29. postuan kokatuta dago. Taldearen produktu nagusiak hauek dira: artezteko makinak, tornuak, fresatzeko zentroak, puntzonatzeko eta tolesteko makinak eta mekanizatzeko lerro malguak.
Taldeak, oro har, 1.173 pertsona enplegatzen ditu, horietatik 197 atzerriko ekoizpen lantegietan: Peterborough Ingalaterran, eta Herborn eta Limburg Alemanian. Horrez gain, ordezkaritza komertzialak dauzka Frantzia, Italia, Estatu Batu, Brasil, Txina eta Japonian.
2010. urtean zehar lortu dituen eskaerak, horietatik %85 baino gehiago nazioarteko merkatutik lortuak, azken urteetan egindako ahaleginaren emaitza dira, produktuak etengabe berritzeko apustuan oinarrituta, maila handiko produktu sofistikatuak eskatzen dituzten sektoreei begirako espezializazioan oinarrituta, eta eskaintza integralean oinarrituta, izan ere, ekipamenduaz gain, ingeniaritzako zerbitzuak ere eskaintzen ditu.
MONDRAGON Korporazioa lau arloren inguruan egituratzen da: Finantzak, Industria, Banaketa eta Ezagutza, eta gaur egun lehenengo euskal enpresa taldea da, eta Espainiako hamaikagarrena. 2009an 15.000 milioi euro inguruko diru sarrerak lortu zituen, eta langile taldean batez beste 85.000 pertsona baino gehiago aritu ziren.
Danobat Railway Systems