|
|
Eroski kooperatibak 93,2 milioi €-ko irabazia izan du 2010ean
EROSKI kooperatibak 93,2 milioi €-ko etekina izan du 2010eko ekitaldiaren itxieran, aurreko ekitaldian baino % 9 gutxiago. Kontsumitzaileei kalitateko eskaintza komertziala egiteko estrategian, marka propioan eta fabrikatzaile liderren marketan bermatuta, prezio lehiakorraren aldeko apustua berretsi du, bezeroei 143 milioi € aurreztea ahalbidetu baitie.
Datu horiek lortu izanak meritu handia dauka, kooperatibaren balorazioaren arabera, jarduera murriztu egin den garai batean gertatu baita, batez ere langabeziak eta kontsumitzaileek egoera ekonomiko orokorragatik galdutako konfiantzak eraginda.
Taldearen emaitza bateratuak 64 milioi negatibo dira, hau da, % 7 hobetu dira, eta oso baldintzatuta daude aktiboen balioaren narriadurarako zuzendutako 70,5 milioiko karga dela eta; egoera hori kontabilitateko nazioarteko arau berrien xedapenen ondorioa da.
Agustin Markaide Eroskiko lehendakariak baloratu duenez, “ongi bideratuta gaude gure 2012ko plan estrategikoa lortze aldera, eta urrats handiak egiten ari gara merkatu kuota sendotzeari eta komertzialki finkatzeari dagokionez, prezioa protagonista nagusia izango den kontsumoaren aro berri baten aurrean”.
Ekitaldiaren bilakaera
Ekitaldiak garapen desorekatua izan du 2010. urtean zehar, izan ere, lehenengo seihilekoan kontsumoa suspertu egingo zela zirudien, baina bigarren seihilekoan martxa hori zapuztu egin zen. Jarduera komertzialaren beraren kanpoko faktoreek baldintzatu zuten egoera, kontsumitzaileak mesfidati zeudelako krisiaren irteerari dagokionez, BEZa igo zelako eta familiek derrigor aurreztu behar zutelako etorkizunari ziurrago aurre egiteko. EROSKIk bide horixe bera egin zuen urteko balantzean, eta salmenten jarduerak (8.170 milioi €, balioaren % 3 gutxiago) zein EBITDAk (419 milioi €-ra iritsita) nozitu egin zuten kontsumoaren jaitsierak eragindako egoera.
Kontsumoaren uzkurdura horri ahalik eta baldintzarik onenetan aurre egiteko, EROSKIk kostuak aurrezteko eta barne kudeaketa hobetzeko neurriak indartu zituen. Halaber, bere eskaintza komertziala EROSKI basic plazaratuta egokitu zuen; marka horrek kalitate kontrastatuko produktuak eskaintzen ditu, oso prezio lehiakorretan, kontsumitzaileen konfiantza indartzeko helburuarekin.
Zorra murriztea
2010eko ekitaldian adierazitako helburuen artean zegoen bankuekiko zorra murriztea –zeina inbertsio handi eta denboran jarraitu batean oinarrituta zegoen–, EROSKI bezalako proiektu kooperatibo baten xede nagusiarekin bat eginda. Politika finantzarioaren lehentasunezko helburua zor finantzarioa murriztea da oraindik ere, 2009an irmo hasitako bideari jarraituz. Ildo horretan, epe luzerako zein laburrerako zor finantzarioa 454 milioitan murriztu da ekitaldian zehar, eta banku maileguetan amortizatu den zenbatekoa aldiaren mugaegunen baino handiagoa izan da.
“Lorpen handia erdietsi dugu, hau da, finantza egonkortasuna sendotu dugu, kontsumoaren murrizketa, prezioak jaitsarazten duen eskaintza eta ondorioz etorri den marjina komertzialen jaitsiera jasan duen ingurune batean. Baina produktibitatean eta eraginkortasunean hobetu dugu, eta kostu operatiboak murriztu", adierazi du EROSKIko lehendakaria den Agustin Markaidek.
EROSKI kooperatibak Euskal Autonomia Erkidegoan, Nafarroan, Burgosen eta Kantabrian, Caprabok Katalunian, Vegalsak Galizian eta Balearretakoak finkatu egin dute beren merkatuetan duten kokapena eta lidergoa, eta Andaluzian eta Madrilen, ordea, presentzia murriztu dute. 2010eko ekitaldian bere bezeroen kopurua errepikatu du aurreko urtearekin alderatuta, orduan % 3 hazi baitzen.
Sare komertzialean 2.246 establezimendu daude, eta 73 berri ireki dira eta 76 eskualdatu. Langile taldean 45.000 pertsonak dihardute, eta langile horietatik 14.578 bazkide jabeak dira.
www.eroski.es