|
|
Ideko Teknologia zentroak instalazio berriak inauguratu ditu
Lehendakariaren ondoan izan dira Gipuzkoako diputatu nagusi Markel Olano; Industriako sailburu Ana Agirre; Elgoibarko alkate Alfredo Etxeberria; Mondragon Korporazioko Kontseilu Orokorreko lehendakari Jose M. Aldekoa eta Makina-erreminten Dibisioko lehendakariorde Rafael Barrenetxea.
Eraikin berria egiteko 6 milioi euro baino gehiago inbertitu dira, eta 3.000 m2-ko azaleran nabarmentzen dira ultradoitasunezko laborategia, zeina Espainian erreferente bilakatu den, ezarri dituen ekipamendu berrien sofistikazioagatik. Beste bi laborategi eraikiko direla ere iragarri zen: bat ikerketaren arloko laser aplikazioak lantzeko, eta bestea konpositeen bidezko fabrikazioa garatzeko.
Ideko sektore estrategikoetara zuzendutako Makina-erremintan eta Fabrikazio teknologietan espezializatuta dago, eta sektore horien artean daude: energia, trenak, aeronautika, automobilgintza eta ekipo ondasunak. IK4 aliantza teknologikoko kidea da Ikerlan, Tekniker, Ceit, Vicomtech, Cidetec eta Gaikerrekin batera.
Gaur egun, Idekon 100 langileko plantilla dago, eta Europako 30 proiektutan baino gehiagotan dihardu, 10 patente ditu, eta azken urteetan 19 argitalpen egin ditu aldizkari eta biltzar nazionaletan, 16 argitalpen nazioartekoetan eta 9 argitalpen SCI aldizkarietan.
Ideko 1986an sortu zen, Makina-erremintaren sektorean aitzindaria izan zen enpresa talde baten barruan; orduan ikerketaren eta garapenaren aldeko apustua egitea erabaki zuten, lehiakortasunean bereizteko bide gisa. Erronka haren aurrean, lehenik Danobat Taldeko kooperatibek, eta ondoren Fagor Arrasatek, Ideko Teknologia zentroa sortzea erabaki zuten, produktu berrien garapenaren arlorik aurreratuenetan beharrezko euskarria lortzeko.
http://www.ideko.es