|
|
Txinako Kunshango Industrialdea lanean hasi da, MCC-k sustatuta
Lursailaren azalera 300.000 m2 inguru da, baina lehenengo fase honetan 85.000 m2 urbanizatu dira, eta horietatik 37.000 m2 eraiki dira, Orbea (5.300 m2), Wingroup-Dikar (18.200 m2), Orkli (9.300 m2) eta Oiarso (4.200 m2) kooperatiben Txinako filialetarako; beste 22.000 m2 geratzen dira, etorkizunean zabalkundeak egiteko.
Lehenengo fase honen inbertsio globala 15 milioi eurokoa izan da –urbanizazioa, pabiloiak, eraikin sozialak–, plantillan guztira 520 pertsona dira, eta orain eraikitzen ari den bigarren fasea amaitutakoan 1.200 pertsona izatea espero da.
Wingroupek, 350 pertsonarekin, fitness eta etxean gimnastika egiteko aparatuak ekoitziko ditu, mundu osoko merkaturako, eta lehen Shangain zituen instalazioak orain Kunshanen kontzentratu ditu. Orbea, 20 pertsonako hasierako plantillarekin, bizikletak egingo ditu Txinako zein munduko merkaturako. Orklik ere Kunshanera eraman du lehen Ningbon zeukan instalazioa, 130 pertsona ditu, eta segurtasun termopareak eta berokuntzako balbulak ekoitziko ditu, batez ere fabrikatzaile txinatarrei zuzenduta. Azkenik, Oiarsok, 20 pertsonako plantillarekin, osasunaren sektorera zuzendutako materiala fabrikatuko du (transfusioa, anestesia, kateterrak, zundak, kit-ak eta abar).
MCCko lau filialez gain, Industrialdean hiru solairuko eta 400 m2-ko plantako baserri eder bat dago, eta hori bilerak egiteko eta Industrialdeko Gerentzia hartzeko erabiliko da; gainera 10 gela izango ditu, bisitentzat, eta ondoan euskal estiloko txoko bat ere, bere ataripearekin.
Halaber, ondoko beste eraikin batean jantokia paratu dute, 1.200 pertsonarentzat, otordua bi txandatan banatuko duena, eta hainbat gela izango dituena txinatar langileentzat. Esparruaren segurtasuna zaintzen Industrialdearen beraren segurtasun guarden talde bat arituko da.
Poligonoaren bigarren fasean 200.000 m2-ko azalera okupatuko da, eta dagoeneko hasi dira urbanizazioa eta eraikinak egiteko lanak. Bertan kokatuko dira, datozen hiletan: Fagor Arrasateren filiala (6.000 m2 hiru nabetan eta 650 m2 bulegotan), automobilgintza, siderurgia eta etxetresna elektrikoen sektorerako prentsak eta lerro automatizatuak egiteko.
Fagor Industrial, sukaldaritzako ekipamenduak fabrikatzeko; Batz, pedaleriako moduluak ekoizteko, General Motorsek Txinan duen eskaera asetzeko; eta Gestamp, zeinak 100.000 m2-ko zorua erosi duen, eta hasieran 16.000 m2-ko pabiloi bat izango du. MCCkoa den LKS Ingeniaritzak planten diseinua egiten du, ondoren enpresa txinatarrek eraikitzeko.
http://www.mondragoncorporation.com